Pabellón 6ek antzerki-testuak argitaratuko ditu
12 urte hauetan zehar, Pabellon 6ek ekoizpen propio ugari sortu ditu. Horietako batzuk, gainera, behin baino gehiagotan antzeztu dira. Orain beste urrats bat eman da, testu horiek argitaratuz, eta irakurle bakoitzak beste besaulki batetik, berreikusi ahal izango ditu. Antzezlan testu horiek bizitza eszenikoa izan dute, eta izaten jarrai dezakete.
Bilduma 2 alerekin hasi da: Ramón Barearen PALABRARISMOS, eta Javier Liñeraren ZER GERTATU OTE ZITZAION ANA GARCIARI? (euskarazko bertsioa Idoia Barrondok egin du).

Bi liburu horien atzetik beste batzuk etorriko dira: estreinatzear dauden testuak; duela urte batzuetako testuak; gaztelaniazko eta euskarazko testuak; antzezlan luzeetakoak baita pieza laburretakoak (Antzerki Arineko Jardunaldietan aurkeztu eta nabarmendu ziren testuak alegia); Gazte Konpainiako egileek idatzitako testuak; liburu batzuk bi antzezlanekin eta beste batzuk bakarrarekin… Asmoa pixkanaka-pixkanaka argitalpen berriak ateratzea da, gutxi gorabehera 2 hilabetero. Kasu batzuetan, argitalpenak musikaz, diseinuaz eta abarrez osatuta etorriko dira. Eta gehigarri bezala, muntaiaren argazki batzuk beti eramango dituzte txertatuta. Felipe Loza, Patxo Telleria, Braulio Cortes, Unai Izquierdo, Iñigo Cobo, David Caiña, Galder Pérez, Lander Otaola, Ana García… izango dira hurrengo aleen egileak.
Helburua antzerki-sorkuntzako ondare bat sortzea eta mantentzea da. Horrela beste konpainia batzuek muntaiak egiteko, eskoletako praktiketan erabiltzeko edo beste barik, gustura irakurtzeko. Ramón Barearen hitzetan, “Antzezlan testu interesgarriak ditugula uste dugu, eta horiek ez dira galdu behar. Proiektu jaioberri honek ikuskizunetako soinu-bandak argitaratzea, eta testuak irrati-nobela (soinu-fikzioak) bihurtzea aurreikusten du“.
Argitalpenak P6ko taldeak autoeditatu ditu, liburuaren inprimaketa Bilbon egin da eta liburuen azalaren diseinuaz Maria Casanueva eta Lucia Sáiz arduratu dira.
Argitalpenek www.pabellon6.org webgunean atal bat izango dute, eta bertatik, online bidez, erreserbatu daitezke. Pabellón 6eko leihatilan ere erosteko aukera egongo da, eta, laster, baita liburudenda espezializatu batzuetan. Hauen prezioa 12 eta 18 euro bitartekoa izango da.

Argitalpen-proiektua Ramón Bareak aurkeztu du egileetako batzuekin batera.
