PABELLÓN 6EKO ANTZERKI ARINEKO 13. JARDUNALDIETAKO PALMARESA
Alex Angulo Saria ESO QUE TE GUSTARIA DECIR Y NO DICES piezarentzat izan da eta Kriselu Saria GOIURI, ARAZO BAT DUGU! antzezlanarentzat.
Antzerki Arineko Jardunaldien 13. edizioa apirilaren 10ean hasi eta maiatzaren 4an amaitu zen. 16 pieza erakutsi ondoren, atzo, igandea, maiatzak 10, eman zen ezagutzera aurtengo edizioaren palmaresa. Sari banaketara, parte hartzaileak, lagunak, senideak, Pabellón 6eko bazkideak eta publiko orokorra bertaratu zen.
Izar Pizarrok aurkeztu zuen gala, eta iaz bezala, bere naturaltasun, berezkotasun eta profesionaltasunarekin harrapatu zuen publikoa lehen minututik. Berarekin batera izan ziren Albar Cirarda eta Gael Irusta, gala aurkezteaz gain, abesti batzuk interpretatu eta dantzatu zituzten, eta hamahirugarren edizio honetako datu batzuk eskaini zituzten.
Antzerki Arineko 13. Jardunaldien laburpen-bideo baten ondoren, lehen saria eman zen, hain estimatua den Publikoaren Saria, eta horren emaitza 1609 boto-txartel zenbatu ostean atera zen. Saria ex aquo joan zen honako talde hauentzat: FEDEGABEKO ODOLKIA eta UN CABALLO DE CENIZA.
Jarraian, Ramón Barearen hitzaldia etorri zen, eta, ondoren, Pabellón 6eko Antzerki Laborategiak emandako Interpretazio Sariak banatu ziren. Oraingo honetan, sari guztiak euskarazko piezen interpreteei eman zitzaien: FEDEGABEKO ODOLKIAko Ander Lacalle eta Omar Somai, NONATO ETA ABORTAko Xanti Korkostegi eta Garazi Urkola eta GOIURI, ARAZO BAT DUGU! piezako Leire Ormazabal.
Sarituek eskerrak eman ondoren. Edizio honetako epaimahaia ezagutzeko unea iritsi zen. Honako hauek osatzen dute epaimahaia: Mikel Ibañez, Radio Euskadiko kazetaria eta aktorea; Iratxe Barruso, filosofiako irakaslea eta Pabellón 6ko bazkidea; Sandra Ortueta, aktorea; Javier Liñera, antzerkigilea, zuzendaria eta aktorea; eta Irene Bau, aktorea eta Pabellón 6ko lantaldeko kidea. Epaimahaiko kideek, besteak beste, euskarazko lanen kalitatea eta sarituak aukeratzeak izandako zailtasunak azpimarratu nahi izan zuten.
Alex Angulo ikuskizun onenaren saria, Bilboko Udaleko Kultura Sailak emandako 3000€-ko saria, ESO QUE TE GUSTARÍA DECIR Y NO DICES piezarentzat izan zen. Alazne Astorgak eta Itxaso Gilek idatzi eta antzeztutako lanarentzat. Elkarlanean egindako zuzendaritza izan du, bi aktoreak Saioa Miguelekin batera aritu baitira. Gainera, epaimahaiak UN CABALLO DE CENIZA antzezlanari aipamen berezia ematea erabaki zuen. Saria eta aipamena Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak banatu zituen.
Ondoren, Patxo Telleriaren txanda iritsi zen, eta Kriselu sariaren izena nondik datorren azaltzearekin batera, euskarazko piezek jardunaldiotan izan duten parte-hartzea nola aldatu den nabarmendu zuen. Eta urtetik urtera euskarazko pieza gehiago eta kalitate handiagokoak jasotzen direla ere azpimarratu nahi izan zuen.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak ematen duen euskarazko muntaia onenaren Kriselu saria, 3.000 eurotakoa, Idoia Garcesen GOIRU, ARAZO BAT DUGU! lanarentzat izan zen. Koldo Olabarri, Anje Oregi eta Leire Ormazabal dira protagonistak eta Mikel Martinez da zuzendaria. Epaimahaiak Anodino Teatroaren DIAMANTE GORDINA piezaren Aipamen Berezia ere eman zuen atal honetan. Aitor Fernandinoren testua, Aiora Sedanorekin batera interpretatua eta Getari Etxegaraik zuzendua. Begoña de Ibarra Zuazo Kulturako zuzendari nagusiak banatu zituen sariok.
Galako aurkezleek, amaiera eman zioten sari banaketari, publiko guztia zutiaraziz, eta dantzan jarriaz. Ostean saritutako guztiak eszenatokira igo ziren argazkia egiteko.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu Gonzalo Olabarri eta Begoña de Ibarrari Alex Angulo eta Kriselu sariak emateko aretora gerturatzeagatik. Jardunaldietan parte hartu duten guztiei, bai eta proposamenak bidali zituzten sortzaile guztiei ere. Pabellón 6eko taldeko kideei beren esfortzu eta ahaleginagatik, eta, batez ere, asteburu guztietan aretoa bete duten ikusleei, orain arte egin diren ekitaldi guztien artean publiko gehien bildu duen edizioa izatea lortu baitute.
14.edizioara arte. Gora antzerki arina !!!














