Emergenteen zikloaren II edizioa (abenduaren 10-13)

ES
EU

Emergenteen zikloaren II edizioa (abenduaren 10-13)

Otsailean egin zen Konpainia Emergenteen I. Topaketak piztu zuen interesaren ostean, Pabellón 6ek sektore eszenikoa bilduko du berriro bigarren edizio bat egiteko: arte eszenikoetako profesionalen arteko topaketa, gogoeta, eta elkarrizketari jarraipena emateko Arte eszeniko profesionaletan lehen urratsak ematen dituzten sortzaile gazteengan arreta berezia jarriz.

Bigarren edizio hau abenduaren 10etik 13ra izango da; lau antzezlan, sektorearen etorkizunari buruzko eztabaida eta hausnarketa eta bi mahai-inguru. Gainera, tailer esperimental batek osatuko du aurtengo edizioa, Paula Prol eta Albar Cirardak osatzen duten, La Brecha konpainiaren eskutik.

IKUSKIZUNAK

COMPASIÓN (Zeroalaizquierda Teatro)
Osteguna, abenduak 10, 19:30etan

Simone Weil harrigarri suertatzen da, edozein ikuspegitatik, bere idazkietan murgiltzera eta bere bizitzako gorabeherak aztertzera ausartzen denarentzat. Polemikoa izan zen, eta polemikoa izaten jarraitzen du. 34 urterekin hil zen, baina XX. mendeko gatazka handietan parte hartzeko denbora izan zuen. Zerbait baliotsua esan al diezaieke gaur egungo gazteei?

Ninak, istorio honetako protagonistak, Simone Weilek liluratuta, bere ametsetan eta infernuetan sartzen utziko digu, bere bizitza aztertuko du Simoneren ispiluan begiratuz eta berarekin neurtzeko erronka botako digu.

Informazio gehiago: https://pabellon6.org/event/compasion/?lang=eu

ROJO NIEVE (Musaloka)
Ostirala, abenduak 11, 19:30etan

ROJO NIEVE bi izaki errugaberen begietatik kontatutako sarraskia da. Tragikomedia garaikide honetan, bi klownokin itxuraldatzera eta zatikatzera jolasten arituko dira, ogi masa irudikatzen duen objetu eszenikoaren bitartez. Logikaz kanpo ari diren izaki hauek gure inkontzientea hunkituko dute.

Debekuarekin, zuzena ez denarekin, heriotzarekin eta gerrako munstroekin jolasten dute izakiok. Bizirik jarraitzeko eta bakarrik ez geratzeko helburu soilarekin.

Informazio gehiago: https://pabellon6.org/event/rojo-nieve/?lang=eu

NORK IN DARK? (Saioa Lara)
Larunbata, abenduak 12, 19:30etan

Lamien kondairetatik abiatzen den sorkuntza eszeniko garaikidea da NORK IN DAK?.

Mendeetan zehar gure tradizioaren parte izan diren izaki mitologiko horietara hurbiltzeko proposamena da, haien inguruan jaso dugun iruditeria zalantzan jartzeko eta desmitifikatzeko. Obrak iruditeria mitologikoaren eta gaur egungo errealitatearen arteko elkarrizketa proposatzen du. Bidaia honetan, kondaira urruneko kontakizun izateari utzi eta ispilu bihurtzen da, gure gorputzak zeharkatzen dituzten indarkeria- eta mendekotasun-moduak agerian uzteko.

Eszenan, mendi desitxuratu bat ageri da: zeruak eta lurrak bat egiten duten paisaia, non errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak lausotzen diren. Bertan, lamiak atondu, eraldatu eta hitza hartzen dute, haien inguruan eraiki den kontakizuna zalantzan jartzeko.

Poetikoaren, groteskoaren eta politikoaren artean, NORK IN DAK? piezak kondaira berrikusten du, galdera hau airean utziz: zer gertatuko litzateke kontakizun fantastiko eta ia inozo gisa irakatsi ziguten horren atzean indarkeriazko istorio bat ezkutatuko balitz?

Informazio gehiago: https://pabellon6.org/event/nork-in-dak/?lang=eu

ETXEA (Amahiru konpainia)
Igandea, abenduak 13, 19:00etan

Iñakik bere bizitzako egunik txarrena biziko du, ohikoa baino txarragoa. Lanetik kaleratua izango da, bikoteak utzi egingo du eta amaren etxera bueltatuko da. Amak etxea saldu du, ezin da bertan geratu, bi aste dauzka bere txikitako gela hustu eta pisu berri bat aurkitzeko, gaur egungo merkatuan, gaur egungo prezioekin, bakarrik. Animo, Iñaki.

Baina lortuko du (ez dezagun ahaztu hau antzezlan bat dela, ez dela bizitza erreala). Etxea zoragarria da: berrehun metro karratuko sabai altuko etxe dotorea, bost logela, hiru bainugela, sukalde eta jangela argitsuak eta lau balkoi eder. Guztia hirurehun euroren truke. Non dago koska? Pisua partekatu egin beharko duela, bi lagunekin eta hiruren artean zaindu beharko duten etxearen jabearekin: ohetik ateratzen ez den ehun urteko amonarekin.

Informazio gehiago: https://pabellon6.org/event/etxea/?lang=eu

EMERGENTEEN KONPAINIEN II. TOPAKETA
MAHAI-INGURUAK: “Sorkuntzatik oholtzara. Sortzen ari den euskal eszenaren erronkak”
Larunbata, abenduak 12, 10:30-13:30

Jardunaldiak konpainia berrien potentziala bultzatuko du, hauen egiturak sendotzeko eta eszenatokietan ikuskizunen arrakasta sustatzeko tresnak partekatuz.

Topaketa bi elkarrizketa eta eztabaida mahairen inguruan antolatuko da, Gazte Konpainiako interpreteek gidatuko dute. Lehenengoa: SORKUNTZA ETA PRODUKZIOARI buruzkoa izango da; bertan belaunaldi desberdinen lan-baldintzak eta sorkuntza-prozesuen iraunkortasuna jorratuko da. Bigarrena: ERAKUSTALDIA ETA BANAKETA, ikuskizunen bizitza ziurtatzeko jardunbide egokienak eta erakundeek eta espazio eszenikoek sortzen ari diren konpainien sustapenean eta sendotzean duten funtsezko eginkizuna nabarmenduko ditu.

Parte-hartzaileak: María Goiricelaya (zuzendaria eta antzerkigilea), Cristina Elso (K Producciones-eko antzerki-ekoizlea), Carlos Morán (kultura-kudeatzailea eta Serantes Kultur Aretoko programatzaile ohia, Arte Eszenikoen Akademiako kidea), Alicia Otxandategi (BAD Bilbaoko zuzendaria), Pío Ortiz de Pinedo (antzerki-ekoizlea eta -kudeatzailea).

TAILERRA “El fin por fin”
Igandea, abenduak, 10:00-13:00

La Brecha euskal konpainiaren proposamen eszeniko bat da, bertan, saiakera esperimentaleko egun bat planteatzen da, etengabeko apokalipsi sentsazioan oinarrituta. Adin guztietako profesionalei egindako deialdi irekia, gorputz-dinamikekin, testuekin eta ahotsekin esperimentatzeko. Plazak mugatuak dira (10 pertsona gehienez).