Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak
Pertsonen bizitzak lotzen dituzten hariak jarraituz eginiko bidaia emozional bat
Umorea, poesia bisuala, performancea eta diziplina artistiko ezberdinen arteko elkarrizketan oinarritzen da SU IZAN NAHI antzezlana: pertsonen bizitzak lotzen dituzten hariak jarraituz eginiko bidaia emozional bat.
FITXA
Antzezleak: Idoia Beratarbide, Jabi Barandiaran, Ander Fernandez, Asier Sarasola, Oier Guillan.
Laguntzaileak: Durangoko San Agustin antzokia eta Zumaiako Aita Mari antzokia (ZUBI deialdia).
Kartela: Idoia Beratarbide.
Bideoa: Zazpi t’ erdi..
DOSSIERA
SU IZAN NAHI antzezlanaren aurkezpena.
Metrokoadroka kolektiboak SU IZAN NAHI antzezlana sortzeko laguntza jaso du Durangoko San Agustin antzokia eta Zumaiako Aita Mari antzokiaren eskutik, ZUBI ekimenaren barruan. 2014-15eko neguan erresidentzia bana egin dugu antzokiotan. 2015eko apirila eta uztaila artean egingo dugu lehen emanaldi sorta (ikus beherago emanaldien agenda).
Proiektu honetan oholtza gainean diziplina artistiko ezberdinen arteko harremana (poesia, pintura, musika, teatroa) ikertzen eta esperimentatzen jardun gara kolektiboko bost lagun: Idoia Beratarbide, Jabi Barandiaran, Asier Sarasola, Ander Fernandez eta Oier Guillan.
Aurretik egindako POZA antzezlanean aktoreok benetan (eszenatik kanpo) garen horretatik presentzia eszeniko bat landu eta bilatu genuen, teatroaren kontzepzio narratiboetatik at, poesia eta pinturaren kodeetan oinarrituz. SU IZAN NAHI honetan ikerketa ildo horretan sakontzen saiatu gara, beste kode eszeniko batzuetara eramanez gure lana: norberaren egian oinarritutako presentzia eszenikoak bilatu ditugu, umoretik batzuetan, performatibitateari loturiko kodeetatik besteetan, teatroruntz beti.
Nola lortu benetakotasuna, gure presentzia eszeniko erreala ekintza poetikoetara eramanez? Nola lortu “egiazko” sentimenduetara eramatea publikoa, gure izen-abizenak dituen presentzia eszeniko absurdu batetik?
Funtsean “Teatro posdramatikoa” deitu izan den horren mugetan murgildu gara lan honetan, poetika bide, kode eta diziplina artistiko ezberdinen arteko zubiak bilatuz eszenan, umoreari eta publikoarekiko gertutasunari uko egin gabe. POZA antzezlanaren bitartez ikusi dugu, hain zuzen ere, posible dela kode eszeniko berritzaileetan nabigatu publikoarekiko komunikazioari uko egin gabe, jendearen bihotzera iritsiz. SU IZAN NAHI proiektuaren bitartez bide horretan urrats berriak eman nahi ditugu.
Antzezleari buruz.
Jabi Barandiaran (Donostia, 1969) Donostiako TAEen ikasi ondoren Ados Teatroarekin hasi zen lanean eta ondoren Trapu Zaharra-rekin, gaur egun hauekin jarraitzen du antzezlan ezberdinetan parte hartuz. Aldi berean, bere sormen kaotikoa libre utzi eta J.B. Pedradas (bere alter-ego) zigilupean dihardu, neurri txikiko hainbat ikuskizun sortuz. Hala nola, Errare Hvmanvm Est, Pepinos Podridos (en el frigo) eta No Estoy Para Nadie, guztiak karteleran oraindik. Hika taldearen Hitzak lanean parte hartu du berriki. Metrokoadrokarekin aktore-sortzaile jardun da Poza eta Salto lanetan, zuzendari artistiko Zertarako hegoak eta Gabrielen lekua lanetan.
Idoia Beratarbide (Oiartzun, 1977), pintorea eta ilustratzailea. Hainbat liburu ilustratu ditu haur eta gazte literaturan, pinturaren arloan Memoria zulatua izenekoa du erakusketarik berriena. Arte eszenikoetan zuzenean pintatzen zein arropak eta eszenografiak sortzen egin du lan, MARODI taldearen barruan. Eszena gainean Poza eta Hura ez da lekua antzezlanetan jardun berri da, jantzigile gisa Zertarako hegoak, Gabrielen lekua eta Publikoari gorroto lanetan egin du lan.
Oier Guillan (Donostia, 1975), idazle eta kazetaria. Hainbat liburu kaleratu ditu poesia eta antzerkiaren arloan, azkenak Eskuen sustraiak (Susa, 2009), Herio heroi/Arra. Arraroa (Artezblai, 2010) eta Elkartasun basatia (Susa, 2013). Poesia beste arte diziplinekin uztartzen egin du lan hamaika ezena lanetan, azkenak Poza, Gabrielen lekua (TTak teatroa, Andoni Egaña, Rafa Rueda eta Alain Urrutiarekin batera) eta Nola belztu behar zuria (Bide Ertzean taldearekin batera). Idazle-zuzendari gisa Zertarako hegoak eta Salto ditu azken lanak.
Ander Fernandez (Donostia, 1981), musikaria. Musikari-sortzaile gisa Rouge Elea, Dejabu eta Metrokoadroka taldeekin egin du lan, argiztatzaile-sortzaile gisa ere Anakrusa taldearekin. Kakahuete musika taldeko kidea da. Bere musikak entzun daitezke Hura ez da lekua disko-liburuan (Txalaparta, 2012), eta Zuek proiektuaren webean. Poza antzezlanean aktore-musikari-sortzaile.
Asier Sarasola (Lezo, 1976), idazle eta itzultzailea. Poems, everybody, poems! (batBada, 2010) eta Hura ez da lekua (Txalaparta, 2012) liburuetan irakurri daitezke bere testuak. Poesia ikuskizun ugarietan parte hartutakoa da testuak idazten, errezitatzen eta antzezten, azkenak Poza eta Nola belztu behar zuria (Bide Ertzean taldearekin batera).
METROKOADROKA kolektiboari buruz.
Metrokoadroka hainbat arte diziplinetan gabiltzan hamaika lagunek osatu dugun kolektiboa da. Artistentzako plataforma gisa eta sorkuntzarako elkargune gisa tresna eraginkor bat sortzea da gure asmoa.
Metrokoadrokaren helburua honakoa da: hala arte eszenikoetan nola arte plastikoetan sor daitezkeen proiektuak laguntzea, zabaltzea eta batzuetan sortzea. Beti ere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez. Arte diziplina ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana da esperimentazio horren oinarri nagusietako bat.
Metrokoadroka harreman artistikoen sare antolatua da, eta horri esker gauzatzen ditu proiektuak. Sare horretan parte hartzen dugunok banakako edo taldeko proiektuak aurrera atera ahal izateko eskaintzen diegu besteei gure ahala.
Kultura beste modu batean ulertzeko, egiteko eta kudeatzeko beharra dagoela uste dugulako antolatu gara modu honetan. Proiektuak sakontasunez, seriotasunez eta ausardiaz sortzea da gure erronka, auzolanean eta harremanen sareetan oinarrituz gure lana.