“ANTZERKI ARINA I” argitalpen berriaren aurkezpena
Pabellón 6eko Antzerki Arineko Jardunaldietan, saritutako 5 testu laburren bilduma biltzen duen liburua aurkeztu da: ANTZERKI ARINA I: DUZHE DOBRE, GAIZKI, ZURI, AMATXIK DIXIT, HIRURAK TELEFONOARI BEGIRA argitalpen berria aurkeztu zen, Jardunaldietan aurkeztu eta saritutako euskarazko 5 testu laburren bilduma.
Patxo Telleriak Antzerki Arineko Jardunaldien atsedenaldian aurkeztu zuen liburua, Saioa Irribarren eta Iñaki Cid egileekin batera.

Iñaki Cid DUZHE DOBRE eta GAIZKI testuen egilea da. DUZHE DOBRE, Iñigo Elosegi aktore famatuaren ospea pikutara joango da telebistan egingo dioten elkarrizketa baten ondoren. Bere bikotearekin eta etxeko garbitzailearekin batera, alabaren jatorrian murgilduko da, iraganeko akatsak zuzentzeko. GAIZKI, barruko erlazioaren bidaia bat. Edo kanpoko erlazioa. Bi izatetik hiru izatera. Zer falta da. Zer dago soberan. Nork amaitzen du ondo, nork amaitzen du gaizki.
Saioa Irribarrenek idatzitako bi piezak ZURI eta AMATXIK DIXIT dira. ZURI, espetxe-politikaren eta isolamenduaren txikizioak erakusten dituen melodrama. Espetxean sartzea oso erraza izan daiteke baina handik ateratzea ez da inoiz erraza izan. Zoritxarrez sistema kapitalistak oraindik erabiltzen dituen instituzio zaharkitu hauetan gertatzen diren istorioetariko bat da hau. AMATXIK DIXIT, memoria historikoa berreskuratzen duen gerra- eta maitasun-historia bat, iragana ordenatzeko eta gertatutakoa onartzeko, guri dagokigun informazioarekin etorkizunerantz ibiliz… Familia guztietan dago gogora ekartzea merezi duen istorio bat, eta gure familian, Amatxiren lehengusinarena da, “Marcelina zuen izena, 24 urte zituen eta Linareseko jauntxo batzuen etxean lan egiten zuen neskame…”
Eta azkenik, Xabin Fernándezen, HIRURAK TELEFONOARI BEGIRA testua. Hiru pertsona, telefono bat, eta dei misteriotsu bat. Osagai hauek nahikoa dira, minutu batzuen buruan dena hankaz gora jartzeko. Zergatik hasten gara behar ez diren gauzei buruz hitz egiten urduri gaudenean? Benetako laguntasunaren irudia, jelosia, inbidia, askatu gabeko korapiloak eta barruan geratutako erreminak izango dira protagonista, amaigabea dirudien itxaronaldi deseroso honetan zehar.
Antzerki arineko emanaldien ostean, egileak liburuak sinatzen egon ziren.
Liburua salgai dago Pabellón 6en bertan eta liburu-dendetan, 12 euroko prezioan.
