Gernika Garretan

ES
EU
Cargando Eventos

Este evento ha expirado.

GERNIKA GARRETAN

Oroimena eta kultura

Kalean egiten den antzerkia da. Herritarrek parte hartzen dute: abesbatzak eta aktore talde zabalak osatzen dute antzerkia. Helburua, memoria ariketa egitea da, gertatutakoa bizirik mantentzea berriro gerta ez dadin. Orain arte beti antzeztu dugu bonbardaketa bera: hegazkinak etorri ziren, bonbak bota zituzten, herri osoa erre zuten, eta joan egin ziren. Aurten, pauso bat gehiago eman nahi izan dugu: zer gertatu zen hurrengo egunean? Gernika erre zutenean, errepublikaren aldekoak, abertzaleak zein faxistak erre zituzten. Hurrengo egunetik aurrera, ostera, errealitatea aldatu egin zen batzuentzat eta besteentzat.

Lehena eta oraina:

Aurten, iragana eta oraina lotu nahi ditugu antzerkiko eszena batean. Zaila da eszena hori Gernikako kaleetatik ateratzea, baina Lobak kolektiboak gerretatik ihesi dabilen jendea ekarriko du gure kaleetara. Ez baitziren gerrak amaitu 1937an. Orain ere, Europara sartu nahian dabilen jendea, bonben artetik dator ihesi, eta keinu bat egin nahi diegu guzti horiei. Interes ekonomikoen edo botere gosearen alde hainbat errugabek galtzen du etxea urtero-urtero, eta jende horrek guztiak nonbait hasi behar du bizitza berria Gernikako umeek behinola hasi zuten moduan. Gernika Garretanetik orainaldiaren aipamena ere egin nahi dugu: gertatu zena oroitzea ondo dago, baina oraindik ere, beste leku batzuetan gertatu egiten dela ahaztu gabe.

Gidoia:

Gernikaren berreraikuntzaren zati bat gerrako presoek egindakoa da, eta hala ere, bertakoei aurpegiratu egiten zieten beraiek erre zutela Gernika. Faxistek agintzen zuten herri berrian, irakaskuntzan, Udalean zein kalean. Gerra irabazi zutenen eta galdu zutenen artean banatu zen herria, eta horrek markatu zituen hurrengo 40 urteak. Non gelditu ziren errepublikaren alde ibilitakoak? Nortzuek hartu zituzten eraikitako lehenengo etxeak? Nola biziraun zuten ezer gabe gelditu zirenek? Jende askok alde egin zuen Gernikatik egoera jasan ezina zelako, baina batzuk itzuli ere egin ziren, eta haiei esker, hemen eusten asmatu zutenei esker, belaunaldi berriak sortu dira Gernikan.

Jendea bakean ari da bere bizitza egiten Kondor legioa sartzen denean. Bonbaketak arratsalde osoa iraungo du, baina suntsituko duena herria baino gehiago da. Hurrengo egunetik aurrera ezer ez da berdina izango. Sinbologia frankista sartuko da herrian, ordura arteko bizimoduak ez du balioko: irakaslea berriak inposatuko dituzte eskolan, gerrako presoak etorriko dira Gernikara kale printzipalak berreraikitzera, bertakoak txaboletan biziko dira, jende aberatsak hartuko ditu eraikitzen diren lehenengo etxeak, fusilaketek beldurra eragingo dute… eta jende asko joan egingo da. Beldurrak eta askatasunez bizi ezinak jendea urrutira eramango du. Familia askotan ez dute gerrara joan zirenen berririk izango. Nahiko lukete haien berri izan, baina beti ezingo dute. Kasu batzuetan gorpuak berreskuratzea ere ezinezkoa izango da.

1937ko apirilaren 27ak ez du apirilaren 26arekin zerikusirik izango. Gernika ez da lehengoa izango eta nahiz eta berreraiki egingo duten, jendeak bizipen gogorrak gordeko ditu isilean. Esaten utziko ez dioten guztia airean arnastuko da. Gerra galdu zutenak asko izango dira, eta euren ideiak gorde egingo dituzte, isilean baino ez bada ere. Beste aldean, gerra irabazi dutenak egongo dira: isilik egoteko beharrik gabe, bizitza normala egiteko arazorik gabe. Eta bien erdian bandoa aldatu zutenak egongo dira. Gaur egungo prisma batetik, ulergarria ere izan daiteke 2 presioa ezin jasan, bandos aldatzea. Gerrako kontestuan baina, mingarria izan zen senideak non lurperatu zizkioten ere ez zekien jendearentzat.

Gerrako preso haiek, Espainiar estatuko leku anitzetatik etorriak, ezin izaten zuten herritarrekin kontakturik izan. Ez zieten uzten konplizeak aurkitzen, hitz egiten, euren familiari berriak bidaltzeko sikiera. Baina berreraiki zuten Gernikaren zati bat, eta jendeak aurkitu zuen memorian besterik ez bada ere, egia gordetzeko bidea. Egia hori heldu zaigu gaur arte, eta gure lana da gertatutakoa, paper ofizialean bertsioari kasurik egin gabe, kontatzea.

Gernika Garretan, es una propuesta que se hace cada 2 años en Gernika en la que participan numerosos actores, extras y la coral. En Pabellón 6 representaremos una muestra de ello:

Bonbaketa: jendea lasai ari da bere bizitza egiten eta bat batean herria erretzen diote (hau, ikusentzunezko bidez egingo genuke neurri batean). Bost minutu.
Beldurra, galtzaileak eta irabazleak: soldaduak sartu dira Gernikara, herritarrek ezin dute bakean bizi. 10-15 minutuko eszena honetan, gerra ostearen gordintasuna
erakustea da asmoa.
Berreraikuntza: gerrako presoak Gernika eraikitzera datoz. Artekale izeneko kalea eraikitzen hasten dira. Bertan daude udaletxea eta eraikin garrantzitsuak. Gerra galdu
egin dutela gogoraraziko diote behin eta berriro, eta beraiek han, pala, karretila eta pikatxoiarekin bueltaka. Espainiar estatuko leku askotakoak izango dira, eta beraien
sorlekuan ere, guztia galdutakoak asko. Neguan hotz, eta udan bero, beti mantra bera entzuten lan egingo zuten: zuek erre zenuten Gernika,zuek berreraiki behar duzue. Guk
15 minutu baino ez ditugu ikusiko, baina haiek egun osoak horrela iraun beharko zituzten.
Eskasia: herria erreta, etxeak galduta, nora itzulirik gabe… hala ere, umorea omen da azkenengo galtzen dena. Hori erakutsi diguten askotan etxeko andreek. Senarrak 3 frontean, semeak ere frontean, gurasoak fusilatuta eta umeei jaten eman behar. Sukaldeetako mahaiak elkarrizketa askoren lekuko izango ziren.
Abesbatza: eszena hauetan gertatzen dena kantuz azalduko digute. Antzerkirako propio prestatutako kantu bi kantatuko dituzte, eta amaieran, lanari amaiera emateko urtero kantatzen diren kantuak. Eszena batetik bestera trantsizioak egiteko bakarrik barik, gidoiari elementu berriak gehitzeko balio dute kantuak.

http://www.clip60.com/watch/gernika-garretan-2015.74MJ3rb1O-0.html

Jueves 04, Mayo 20:00
FINALIZADAS
RESERVAR